lunes, 4 de junio de 2012

ONGIETORRI PATAKON! URIBARRIKO GAZTETXE BERRIA

Patakonen prentsa oharra 2012-6-4
Hamarkadak hutsik zeramatzan Matiko 6.ko eraikinaren okupazioak, ugariak izan diren eskakizunei erantzuten die, urteetan zehar alternatiba soziokulturalak lantzera begira egindako lanketaren barnean kokatzen dugu.
1994. urtean Gure Etxea auzo elkarteak, auzoan zeuden hutsuneak ikusita, Matikoko 6. Zenbakian dagoen eraikin hutsari anbulatorio funtzioa emateko kanpaina sendoa jarri zuen abian. Auzokideen gehiengoaren babesa jaso zuen arren ez zen inongo apusturik egin instituzioengandik eta eskakizun guztiak alboratu ziren. Bestalde, auzoak zituen zerbitzu urriak ikusita, auzokideentzako beharrak aseko zituen bezala proposatua izan da aurrerago, inongo erantzun barik.
Gazte mailan, 1998garren urtean Uribarriko Gazteok-ek Uzturre plazan dagoen Udal eraikina Okupatu zuten Gaztetxe baten helburuz, baina 24 orduren buruan desalojatu zituzten. Ordutik asko izan dira Gazte Asanblada berpiztuak egindako eskakizunak, Gazte! Emaiozu espazioa zure kulturari! Kanpaina kasu.
Auzo elkarteak eta gazteek egiten duten lanaz gain, ezaguna da Aldapan Gora kultur koordinakundeak auzoarentzako egiten duen eskaintza, jaiak, San Juanak, gabonak etabar luzea. Ekimen hauen dimentsioa bermatu eta zabatzeko 2005. urtean barrutiari gune baten beharra azaleratu zion. Ordutik eskaerekin jarraitu du baina inongo erantzunik ez du jaso.
Orokorrean, ibilbide luzea du eragileek egindako lanak auzoa biziberritzeari begira. Asko dira eraikin honek izan ditzakeen erabilerak auzoaren mesedetan, eta bestetik, asko dira Uribarri bezalako auzo baten dituen beharrak plano sozial eta kulturalean.
Beraz, aurrekari guzti hauek kontutan izanda hartu da Matiko erdialdean mende erdia baino gehiago hutsik daraman eraikina okupatzeko hautua. Eraikia izan zenetik inoiz erabilia izan ez den lursaila auzoaren zerbitzura jarriko duen proiektu integrala. Ekainaren 1ean egindako jauzia beste pausu bat besterik ez da izan, espazio hau edukiz betetzeko bide luzean tipi-tapa.
Asteburu honetan ilusioz bete dira kaleak. Auzokideen eta komertzianteen babesa iritsi zaigu. Patakon, dekonari kendu ta ez dekonari emon. Zentzu horretan zenbait konpromiso mahai gaineratu nahi ditu asanbladak:
·        - Patakonen ateak zabalik daudela argi utzi nahi dugu, auzotik egina eta auzoarentzako proiektua dela azpimarratuz.
·     - Auzoarentzako mesedegarria den ordezko planteamedu bat egon arte guk kudeatuko dugu eraikinaren mantenua. Beraz, jabeei kontaktuan jartzeko prestutasun osoa luzatzen diegu proiektuaren bideragarritasuna bermatzeko asmoz.
·        - Gaur bertan martxan jarriko dugun sinadura bilketa aurkezten dugu proiektuarekiko babes eta atxikimendua emateko tresna bezala auzoko norbanako zein taldeentzako.
Behetik gora edukiz bete nahi dugu eraikina. Abesti ezagunak dioen moduan… lehenengotik hirugarrenera, laugarren pisutik espaziora! Besterik gabe, besarkada handi bat autogestio eta asanbladaren printzipioetan oinarrituta, martxan, mehatxupean edota bihotzetan dauden proiektuei… Gaztetxetatik ez dira pasako!
Udal zerbitzu ezaren aurrean… zerbitzu herrikoiak eraikiko ditugu!
Okupazioa aurrera!
Aupa Uribarri!

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario