lunes, 4 de junio de 2012

ONGIETORRI PATAKON! URIBARRIKO GAZTETXE BERRIA

Patakonen prentsa oharra 2012-6-4
Hamarkadak hutsik zeramatzan Matiko 6.ko eraikinaren okupazioak, ugariak izan diren eskakizunei erantzuten die, urteetan zehar alternatiba soziokulturalak lantzera begira egindako lanketaren barnean kokatzen dugu.
1994. urtean Gure Etxea auzo elkarteak, auzoan zeuden hutsuneak ikusita, Matikoko 6. Zenbakian dagoen eraikin hutsari anbulatorio funtzioa emateko kanpaina sendoa jarri zuen abian. Auzokideen gehiengoaren babesa jaso zuen arren ez zen inongo apusturik egin instituzioengandik eta eskakizun guztiak alboratu ziren. Bestalde, auzoak zituen zerbitzu urriak ikusita, auzokideentzako beharrak aseko zituen bezala proposatua izan da aurrerago, inongo erantzun barik.
Gazte mailan, 1998garren urtean Uribarriko Gazteok-ek Uzturre plazan dagoen Udal eraikina Okupatu zuten Gaztetxe baten helburuz, baina 24 orduren buruan desalojatu zituzten. Ordutik asko izan dira Gazte Asanblada berpiztuak egindako eskakizunak, Gazte! Emaiozu espazioa zure kulturari! Kanpaina kasu.
Auzo elkarteak eta gazteek egiten duten lanaz gain, ezaguna da Aldapan Gora kultur koordinakundeak auzoarentzako egiten duen eskaintza, jaiak, San Juanak, gabonak etabar luzea. Ekimen hauen dimentsioa bermatu eta zabatzeko 2005. urtean barrutiari gune baten beharra azaleratu zion. Ordutik eskaerekin jarraitu du baina inongo erantzunik ez du jaso.
Orokorrean, ibilbide luzea du eragileek egindako lanak auzoa biziberritzeari begira. Asko dira eraikin honek izan ditzakeen erabilerak auzoaren mesedetan, eta bestetik, asko dira Uribarri bezalako auzo baten dituen beharrak plano sozial eta kulturalean.
Beraz, aurrekari guzti hauek kontutan izanda hartu da Matiko erdialdean mende erdia baino gehiago hutsik daraman eraikina okupatzeko hautua. Eraikia izan zenetik inoiz erabilia izan ez den lursaila auzoaren zerbitzura jarriko duen proiektu integrala. Ekainaren 1ean egindako jauzia beste pausu bat besterik ez da izan, espazio hau edukiz betetzeko bide luzean tipi-tapa.
Asteburu honetan ilusioz bete dira kaleak. Auzokideen eta komertzianteen babesa iritsi zaigu. Patakon, dekonari kendu ta ez dekonari emon. Zentzu horretan zenbait konpromiso mahai gaineratu nahi ditu asanbladak:
·        - Patakonen ateak zabalik daudela argi utzi nahi dugu, auzotik egina eta auzoarentzako proiektua dela azpimarratuz.
·     - Auzoarentzako mesedegarria den ordezko planteamedu bat egon arte guk kudeatuko dugu eraikinaren mantenua. Beraz, jabeei kontaktuan jartzeko prestutasun osoa luzatzen diegu proiektuaren bideragarritasuna bermatzeko asmoz.
·        - Gaur bertan martxan jarriko dugun sinadura bilketa aurkezten dugu proiektuarekiko babes eta atxikimendua emateko tresna bezala auzoko norbanako zein taldeentzako.
Behetik gora edukiz bete nahi dugu eraikina. Abesti ezagunak dioen moduan… lehenengotik hirugarrenera, laugarren pisutik espaziora! Besterik gabe, besarkada handi bat autogestio eta asanbladaren printzipioetan oinarrituta, martxan, mehatxupean edota bihotzetan dauden proiektuei… Gaztetxetatik ez dira pasako!
Udal zerbitzu ezaren aurrean… zerbitzu herrikoiak eraikiko ditugu!
Okupazioa aurrera!
Aupa Uribarri!

 

viernes, 1 de junio de 2012

Berriak

Poliziaren Inpunitatea
Pasa den asteazkenean, bi ertzain epaitu zituzten Kukutzaren aldeko mobilizazioetan atxilotutako bati tinpanoa zulatzeagatik. Ertzainek mutikoa atxilotu eta segiduan zaplasteko bat eman zioten. Horren ondorio entzumen gaitasuna gutxitu zitzaion eta epaitegietan salatu zuen. Gaur, mutilak entzumen gaitasun osoa berreskuratu omen du, baina ertzainek ez dute zigorrik beteko fiskalak absoluzioa eskatzen baitu. 


Okupazio berria Galdakaon. Ortuondo gaztetxea.
 Aste honetan Galdakaoko gazte asanbladak dorretxe bat okupatu egin du "Ortuondo" ortu proiektuaren barnean. Gaur ostirala arratsaldeko 19.00etan, proiektua aurkeztuko dute herritar guztientzat zabalduz. Zorionak Galdakaoko gazteak!

LaCasika CSOA(Mostoles-Madril) arriskuan
Mostoleseko alde zaharreko La Casika gaztetxea arrisku larrian dago. 3 prozesu judizial dauzkate irekita bai usurpazioa zein desobedientzia leporatuta. Horregatik manifestazio internazionala detu dute ekainaren 16an, larunbata gaztetxeen defentsan. Gu han izango gara eta jendea animatzen dugu joatera. Bestalde, txapa solidarioak saltzen ditugu euro baten, auzoko Zohardia tabernan.
info +


Elkartasunari epaiketa. Flo ta Rafi aske!
Datorren astean, ekainak 6 asteazkena, Hamburgoko bi lagun epaituko dituzte Kukutza gaztetxearekin elkartasuna adierazteagatik. Gaztetxearen hustuketaren egunean atxilotu zituzten kontainer bat erretzea leporatuta eta 9 egun pasa zituzten Basauriko espetxean. Ertzainek gezurretan dabiltza arratsaldean kontainer bat erre zela diotenean, eta epaiketa honekin Kukutzak beste herrialde batzuetatik jaso duen elkartasuna kriminalizatu egin nahi dute, hala nola, izua gorputzean sartu.

Guzti hau salatzeko, asteartean 5, goizeko 10.00etan udaletxean, Flo ta Rafi Hamburgotarren senide eta abokatuek prentsaurreko bat emango dute bizi izaten ari diren egoera salatzeko eta hurrengo egunean, goizeko 10.00etan Bilboko udaletxetik epaitegietaraino kalejiratxo bat antolatu dugu Flo ta Rafi laguntzeko.

martes, 8 de mayo de 2012

"LA MAISON" DESALOJATU DUTE. GAZTEAK KALE GORRIAN.

IMG_9378 

Atzo maiatzak 7, desalojatu zuten alde zaharrean kokaturiko "La Maison" etxe okupatua. Orain dela urte bat eta 9 hilabete okupatu zuten dendarikale 30 zenbakiko etxea.

Behin Bilboko jostunen erreferente bihurtutako denda zena, Poirier abizeneko jauntxoak hutsik euki du etxea bere salneurriarekin espekulatzeko asmoz. Orain, Bilboko instrukzioko 5. epaitegiak desalojo kautelarra agindu du, nahiz eta aurretik beste prozesu penal bat izan eta etxearen desalojoa ez zuen eskatzen.

Gazten oharra:
 
"Urtebete eta 9 hilabeteren ondoren gaur goizean “La Maison” etxe okupatua desalojatu dute. Bizi-alternatiba adibide bat gehiago. Etxe hau hainbat gazteren emanzipaziorako lekua izan da. Merkatu barruan tokirik ez dugun gazteona. Ez dugu lanpostu ezklabizatzailerik , eta nahi ere ez. Beraz, ezin dugu inongo bizi osoko hipotekan edo alokairu exajeraturik lotu. 

“La Maison-en” antolatu egin gara, borrokatu egin dugu... 

Okupatu eta autogestionatu egiten garen gazteak. Eta horretan jarraituko dugu!!"

viernes, 9 de marzo de 2012

URIBARRIKO GAZTEOK GAZTETXEA BEHAR DUGU!!!

Uribarriko Gazte Asanbladaren oharra:

Etxebizitza eredu pribatua, langabezia edota lan baldintza prekarioak, komertzio txikiak ixterako joera, aisialdia, kirola eta kultura praktikatzeko ekipamendu falta, erraustegiaren inposaketa, kultur eskaintza mugatua, euskaraz bizitzeko zailtasunak, aisialdia kudeatzeko espazio eta baliabide falta, emakumeentzat arriskutsu diren puntu beltzak, kultura ezberdinen ezjakintasuna, elkar ezagutzeko, jolasteko, sortzeko eta gozatzeko falta…

Hau guztia da gaur egungo sistemak eskeintzen diguna. Uribarri zinez maite dugun arren, zaila egiten zaigu bertan eguneroko bizitza egitea. Uribarriko gazteok ezin dugu nahi bezala bizi, gazteriaren beharrak asetzen ez direlako. Horregatik, kurtso hasieran, Uribarriko gazte batzuk batu eta auzoan bizitza aktiboa egin nahi genuela erabaki genuen. Horrela, TIPI-TAPA URIBARRI PIZTU proiektua loratu zen.

Proiektu honekin gure auzorako alternatiba propioak eraikitzearen apustua egiten dugu, elkarlanaren bidez Uribarri marrazten jarraitzeko. Alternatiba soziala eta kulturala, auzoko gazteon beharrak aseko dituena eta auzokideon topagunea izango dena.

Uribarri pizteko garaia da, posible da eta bidean gaude… tipi-tapa! Horretarako auzokideon parte-hartze, konplizitate eta ilusioa elkarbanatu behar dugu, Uribarri denok baikara eta ahal bezain koloretsuen margotuko dugulako auzoaren etorkizuna. Honen parte izatera gonbidatzen zaituztegu eta asko izango dira atxikimendua emateko edo ekarpenak egiteko aukerak, beraz… adi egon!

Udal zerbitzu ezaren aurrean… zerbitzu herrikoiak eraikiko ditugu! Uribarri piztuko dugu!

Martxoaren 17rako egitarau tentagarria dago prest Uribarri auzoko kaleak pizteko:

Goizeko 12:00etatik aurrera, Uzturre plazan:

  • GRAFITI erakustaldia
  • Denon artean, Uribarri margoztu!
  • PINTXO LEHIAKETA (inskripzioa 12:00etan eta aurkezpena 14:00etan; ezaugarriak: hotzak ala beroak eta nahi beste osagai.
  • BAZKARIA. Sarrerak 4 eurotan kopa barne. Endika, Gautxori eta Herriko tabernetan eskuragai edo uribarripiztu@gmail.com- era idatzita.

16:00etan, Uribarri tribal.

17:30etan, BATUKADA tailerra Uzturre plazan eta erakusketa auzoan zehar.

19:30etan, ManiFestAkzioa Moraza plazatik: “Uribarrik gaztetxe bat behar du”

21:00etan, kontzertuak Uzturre plazan:

  • Revolta Permanent
  • Fenomenos De La Naturaleza

lunes, 5 de marzo de 2012

IRALAKO GAZTETXE BERRIA!!!

Irala auzoko gazteen oharra:
Iazko maiatzean Bilboko udalak Gazte Lokala itxi zigunetik, kale gorrian egon gara Iralako gazteak. Kurtso berri honetangure lehentasuna lokal berria lortzea izan da. Kurtso osoan lanean ibili ostean lortu dugu.
Duela aste batzuk, auzoan betidanik hutsik egon den lokal batera sartu ginen atea irekita zegoela ikusi ostean. Lokal hau bi helburu nagusitarako erabili nahi dugu: aurrera begira, auzoko gazteen topagune izango den lokal aske bat izatea eta beste alde batetik, lehen momentutik betetzen ari garena, gaur egungo krisi egoera eta etxebizitzaren arazoa kontutan hartuz, gazteei bizitzeko alternatiba bat ematea.
Momentuz lokalaren garbiketa eta atonketa lanetan dihardugu. Informatzen jarraituko dugu.
GORA IRALAKO GAZTETXEA!!!

viernes, 3 de febrero de 2012

KUKUTZAII OKUPATZEN SAIATZEAGATIK IREKITAKO AUZIA, ARTXIBAUTA!

Bilboko 9. Instrukzioko epaitegiak notifikatu berri digu Kukutzaren kontrako salaketa artxibatu egiten duela azaroaren 16an KukutzaII zen lokala okupatzeagatik. Jabeek eraikina utzikeri egoeran zeukaten, eta kasu horietan ezin zaio usurpazio delitua egotzi.

Okupazio Mugimendua inoiz baino biziago dago Instituzioek (Bilboko udalak, alderdi politikoek, Aldundiek, Eusko Jaurlatxirlak) Okupazioa kriminalizatzen saiatzen diren arren eta zenbait komunikabidek informazioa manipulatzen duten arren.

Gainera, epaitegietatik datozen azken berriek okupazioa delitua ez delaren ideia indartzen dute, azkenengo hilabeteetan hainbat gaztetxeen kontrako epaiketak artxibatu baitira*(KukutzaII-Larraskitu, LaKomi-Santuxu, Erandioko gaztetxea, Barakaldoko gaztetxea). Horrela gauzak, agerian uzten da instituzioek gaztetxeak desalojatzen dituztela beraien interes ekonomiko-politikoak babesteko eta den-dena kontrolpean izan nahi dutelako.


Une honetan benetan epaitua izan behar lukeena Kukutza IIIko desalojoan ordena publikoaren indarren ekintza kriminalak dira, herriaren borondatea onartu ez zuten ordezkari instituzionalen jarrera lotsagarria, hala nola enpresarien, banketxeen eta hustelkeri urbanistikoarekin harremana duten politikarien delituzko jarrerak.

Bide berdinean salatu nahi dugu Eusko Jaurlatxirlak dituen jarrera errepresiboak gaztetxeak desalojatzean epai-agiririk gabe eta prozesua bukatu gabe(batzutan hasi gabe ere), ia beti artxibatuta eta epaituen absoluzioarekin bukatzen duena. Honek Gaztetxe baten hustuketa, espekulatzaile babestu bat eta gazteriaren kriminalizazioa du ondoriotzat.

Banketxe eta espekulatzaileek politikoen partetik duten babesaz nazkatuta dagoen jendartea animatu nahi dugu, autoantolakuntzan jarduntzera eta eraikin zein lurren Okupazioaren bidea hartzera proiektu autokudeatuak sortzeko, hala nola, etxebizitza ta ortu kolektiboak, langile-kooperatibak eta gaztetxeak.

OKUPAZIOA EZ DA DELITUA!

- Lakomi(Santutxu), archivado el 21 de noviembre por el Juzgado de Instrucción nº 7 de Bilbao.
- Erandioko gaztetxea, el 22 de noviembre, J. Instrucción nº 1 de Bilbao (y el gaztetxe sigue activo).
- Barakaldoko gaztetxea, 17 de diciembre, J. Instrucción nº 2 de Barakaldo.
- Kukutza II gaztetxea(Larraskitu), 19 de enero, Instrucción nº 9 de Bilbo.

miércoles, 1 de febrero de 2012

EZKERRALDEKO OKUPAGENDA

Hona doa Ezkerraldeko gaztetxe ta gazte asanbladen kordiak atera duen otsailerako okupagenda berria.